Maroko
Buscador
Marokora bidaia
Alsarekin Marokora joan zaitezke, oso erraz: autobus-txartelak eros ditzakezu, eta merke-merke bidaiatu. Ez galdu Marokora joateko eskaintzak! Eta, beti bezala, Alsaren webgune ofizialaren bermearekin.
Maroko kontrasteen lurralde liluragarria da, iragana orainaldiarekin uztartzen den leku paregabe eta erakargarria. Afrika iparraldean dago Maroko; herrialde aberatsa da historian, kulturan eta paisaia liluragarrietan. Medina zalapartatsuekin hasi eta basamortu harrigarriekin bukatu, asko dauka ezagutzeko.
Zer ikusi Marokoko bidaian
Marokon hamaika leku ezagutu ditzakezu, Atlaseko mendietan hasi eta Saharako basamortuan bukatu. Alsarekin, hiri monumental nagusiak bisitatu ahal izango dituzu Marokoko bidaian, hala nola:
Marrakex
Marrakex edo "Hiri Gorria", hiri liluragarria, medina zaharreko kale estuetan barrena harat-honat paseatzeko. Bere zoko koloretsuak, usain exotikoak eta askotariko soinuak lagun, beste garai batera jauzi egin duzula irudituko zaizu. Ezagutu beharrekoa da Jemaa el-Fna plaza ezaguna, kaleko artistak, musikariak eta saltzaileak biltzen diren gune bizi-bizia; baita Badiako Jauregia ere, lorategi ederrak eta arkitektura islamiar bereizgarria ikusteko.
Fez
Fez Marokoko hiri inperial zaharrenetako bat da, galdu ezin duzun altxor historikoa. Al Quaraouiyine unibertsitatea derrigorrez ezagutu beharrekoa da: IX. mendean sortu zen, eta munduko unibertsitaterik zaharrena da. Hurbildu larru-zurrategietara, artisauek larrua modu tradizionalean nola lantzen duten ikustera.
Meknes
Meknes Marokoko beste hiri inperial zoragarri bat da; merezi du ezagutzea! Hiri historiko horretan ate eta harresi bikainak aurkituko dituzu; ongi kontserbatuta daude, eta Erdi Arora itzuli zarela sentiaraziko dizute. Bisitatu Moulay Ismail-en mausoleoa, Lahboul lorategi ederra eta Meskita Nagusia. Meknes-en, Marokoko historiaren eta arkitekturaren ikuspegi liluragarria izango duzu. Meknes kanpoaldean, Volubilis aztarnategi arkeologikoa dago, eta erromatarrek Marokon eragina izan zutela egiaztatu ahal izango duzu bertan.
Casablanca
Casablanca hirian modernotasuna eta tradizioa uztartzen dira. Arkitektura du ikusgarria, hala nola Hassan II.aren meskita ospetsua, munduko meskita handienetako bat. Gauean animazio handia izaten da, eta Marokoko gastronomia goxoa dastatzeko aukera izango duzu bertako jatetxeetan.
Rabat
Rabaten dotorezia eta goraldi historikoa uztartzen dira. Mohammed V.aren mausoleoa ikusgarria da, eta Hassan dorrea ere bisitatzeko modukoa da, Marokoren iraganaren handitasunaren adierazgarri. Ezagutu alde zaharra, gozatu lorategietako lasaitasunaz eta paseatu Bouregreg ibaiaren ertzetik. Rabat hiri modernoa da, baina xarma historikoa galdu gabe.
Asilah
Asilah kostaldeko harribitxia da, non itsasoaren edertasuna kulturarekin eta historiarekin uztartzen den. Atmosfera xarmagarria ematen diote ongi kontserbatutako harresiek, harrizko kaleek eta zuriz margotutako etxeek. Gozatu ozeanoko haize leunaz urre koloreko hareazko hondartzetan paseatzen duzun bitartean. Gainera, Asilah-ko arte-jaialdia oso ezaguna da, giro bizikoa, kaleak mihise bizidun bihurtzen direla horma-irudien eta artelanen bitartez.
Tanger
Tanger kulturen eta zibilizazioen topagune izan da menderik mende. Maroko iparraldeko kostaldean dago, eta mundu osoko idazleak, artistak eta bidaiariak erakarri izan ditu. Tangerreko Medina ikusteko modukoa da; Spartel lurmuturretik ikuspegi zoragarriez gozatzeko aukera izango duzu, eta Herkulesen Leize zoragarria ere ezin duzu galdu, ozeanora zabaltzen den haitzulo natural zoragarria.
Marokora bidaiatzeko maiz egiten diren galderak
Zein da Marokora joateko garairik onena?
Maroko bisitatzeko garairik onenak udaberria (martxotik maiatzera) eta udazkena (irailetik azarora) dira; urtarorik atseginenak izan ohi dira, tenperatura leunak eta turista gutxiago. Udan bero handia egin dezake, batez ere hegoaldean eta basamortuan.
Marokora bidaiatzeko baldintzak
Marokora joateko bisari dagokionez, baldintzak aldatu egiten dira nazionalitatearen arabera. Herrialde gehienetan, 90 eguneko balio duen turista-bisa lortu behar da Marokora bidaia egin aurretik. Hala ere, garrantzitsua da bidaiatzeko baldintza zehatzak egiaztatzea eta zure pasaporteak gutxienez sei hilabeteko indarraldia duela ziurtatzea.
Segurua al da Marokora bidaiatzea?
Maroko toki segurua da, oro har, turistentzat, baina munduko beste edozein lekutan bezala, garrantzitsua da neurriak hartzea. Zure gauzak babespean izan, gauez ez ibili eremu bakartietan, eta jabetu inguruan duzunaz. Gainera, bidaia planifikatu aurretik, komeni da zure jaioterriko bidaia-gomendioak kontsultatzea.
Zein da Marokoko moneta?
Marokoko moneta ofiziala dirham marokoarra da (MAD). Bankuetan, truke-bulegoetan eta hoteletan aldatu dezakezu dirua. Gainera, toki askotan kreditu-txartelak onartzen dituzte, baina komeni da dirua eramatea, batik bat, landa-eremuetan.
Zein hizkuntza hitz egiten da Marokon?
Marokoko hizkuntza ofiziala arabiera da, baina frantsesa ere asko hitz egiten da, iraganean kolonia izan zenez. Gune turistikoetan, ingelesez eta gaztelaniaz badakien jendea aurki dezakezu. Arabieraz edo frantsesez oinarrizko hitz batzuk esaten ikastea erabilgarria izan daiteke, eta bertakoek asko estimatuko dizute.
Zein dira Marokoko gastronomiako jaki tipikoak?
Marokoko gastronomian zaporeen eta aromen konbinazio gozagarria da ezagun. Dastatu beharreko jaki tipikoak dira, besteak beste, kuskusa, taginea (buztinezko eltze batean egindako gisatu tradizionala), harira (zopa lodi bat) eta kefta (haragi onduzko burruntziak). Ez galdu Marokoko gozokiak eta postreak, hala nola eztizko eta almendrazko pastelak.
Segurua al da Saharako basamortura bidaiatzea?
Saharako basamortura bidaiatzea esperientzia ahaztezina izan daiteke, baina kontuz ibili behar da, eta prestatuta joatea komeni da. Antolatutako tour bat egitea gomendatzen dugu, esperientzia handiko tokiko gidariekin, ondo planifikatutako esperientzia segurua izan dadin. Jantzi eguzkitik eta tenperatura-gorabeheretatik babesteko arropa egokia, eta eraman hidratatuta egoteko nahikoa ur.
Zenbat denbora behar da Maroko ezagutzeko?
Maroko ezagutzeko behar duzun denbora zure interesen eta egin nahi duzun ibilbidearen araberakoa izango da. Herrialdearen ikuspegi orokorra izateko, gutxienez 10-14 egun igarotzea gomendatzen da. Hartara, hiri garrantzitsuenak eta ikusteko moduko elementu nagusiak bisitatu ahal izango dituzu, eta basamortuko eta mendiko esperientziak bizitzeko aukera ere izan dezakezu.